XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Duela hamazazpi urte argitaratu zen UZEIren Ekonomia hiztegia. Hango sarreran esaten denez, Gure lan hau behin-behinekoa da, eta premiazkoak izango ditu kritikari eta lankide berriak, gerora maila jasoago eta helduago batetara eraman dezagun.

Urte berean Enpresa hiztegia atera zen ULARCO eta UZEIren arteko lankidetzan egina enpresa mundua euskalduntzeko bidea ireki nahian. Bi urte geroago Finantzak hiztegia argitaratu zen, aurrezki-kutxetako beharrak asetzeko xedearekin. Eta horretan geratu ziren ekonomiaren inguruko hiztegiak.

Hiztegiak horretan geratu ziren, baina euskararen normalizazioak aurrera egin duen neurrian, esan daiteke bete dutela beren zeregina ekonomiarekin zerikusia duten gaiak, bai unibertsitatean, bai komunikabideetan eta bai profesionalen munduan, euskaraz emateko lagungarri gisa.

Hala ere, denbora ez baita alferrik pasatzen, hasierako helburuak indarrean badirau ere (euskararen normalizazioa eta nazioarteko kultur hizkuntzekiko homologazioa), urteak aurrera joan ahala, ekonomiako terminoak berrikusteko premia gero eta handiagoa nabaritu da. Premia horri erantzun behar izateak ez gaitu batere larritzen, poztu baizik, euskal mundua alor guztietan indarberritzen ari dela adierazten baitu.

Lehen Ekonomia hiztegia egin zenetik hona asko aldatu dira gauzak eta onerako aldatu ere gehienak. Alde batetik, normala den bezala, ekonomian termino berriak sortu dira eta beste zenbait zaharkituz joan dira eta horien arabera osatu eta berritu da hiztegiaren gorputza.

Beste alde batetik, gertakari askok izan dute eragina ekonomiako euskaran: hizkuntzari berari dagokionez, Euskaltzaindiak emandako arauei esker, eta bereziki Hiztegi Batuak erabakitako oinarrizko lexikoari esker, aurrerapauso handia eman da euskarazko hizkera eta idazkera finkatzeko; ekonomiako hizkerari zuzenean dagokionez, berriz, unibertsitateko irakaskuntzan ekonomiako gaietan euskara erabiltzeak, eta ondorioz ikasleentzako hainbat eta hainbat material eta eskuliburu euskaraz egoteak, komunikabideetan ekonomiako berriak euskaraz emateak eta aurrezki-kutxetako inprimaki, kutxazain automatiko eta bestelakoak euskaratuta egoteak oinarri sendoa ematen dute hasieran proposatutako terminoak denboraren bahetik igaro ondoren, arrakastarik izan duten ala ez ikusteko.